XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gregorio Arrue-ren euskera etzan Gerriko-rena, ezta J. Bta. Agirre-rena ere.

Urruzuno ta Lardizabal bakoitza bere bidetik zijoazen.

Baiña zein giputzek etzuan batarena bezin errez ulertzen bestearena, bana izanagatik?.

Bakoitzak ba zuan bere gazi-gozoa eta bere edertasuna; eta banatasun orrek zertan egiten zion kalte giputz irakurleen izkuntzari?.

Ezertan ez.

Baita Euskalki batetik bestera ere zailtasunak leunduko ziran ez-arian ez-arian, alkarren ezagutzaz.

Baiña, betoz orain indarraren aldeko lege-jartzailleak, erriak darabiltzan euskal-izkerak naspillatzera ta biurrikatzera, erriari bereak ez ditun bideetatik bultzaka joan-arazi naiean.

Eta ni bildur, ez bataren eta ez bestearen eztan izkuntza nabar, pisu ta elkor orrek ez ote ditun gogoan joko euskaldunik jatorrenak, euskal-liburu ta paper guziak erabat zapuztutzeraino.

Asko degu ortatik.

II. Bigarren auzia: H-rekikoa.

Itz batez guzia edo geiena esateko: zer aurrerapide dator letra ori gure alderdi oetako euskeratan sartzetik?.

Batera ez beintzat, nekez bederen ezerki irakurtzen duten giputz-bizkaitarrentzat.

Azken urteotan argitaratu diran zenbait liburu gozo (Ezkontza-bidean, Arrate-ko Amaren altzotik, Aita Lino Akesolo-ren Salmoak eta abar) zenbat lagunek irakurriko zitun gure errietan H-zaleen elorriz eta sastrakaz josita argitaratu balira?.

- Bai, baiña gure liburuak eta gure kultur-artikuluak mugaz-arunzko euskal-errietan sartuko ziran...!".

A, gizajoak! Ango berri dakianik bat ezta izango gure alderdiotako liburuak H-z jantzi-ezkero, emen ez ta an arrapazka salduko dirala agustu txiki bat egiteko.

Beude, beude H guzi edo geien-geienak, letra ori gabe beren itzak arrotz egingo litzaizkienentzat!.

Eta alde emendik, gure jendearentzat betegarri uts eta lanbidea ta zer-esana jartzeko bestetarako eztiran dotorekeri oriek!....

Oraingoz beiñipein, gure izkuntza estutasunetik atera ta bere buruaz jabetzen asi dedin arte!.

AITA ONAINDIA.
Euskera idatziaren batasuna premiñazkoa degu, ez ordea il edo bizikoa: ori barik ere, beste mutur batzuk lotuazi ezkero, nire ustez, biziko da gure izkuntza zaarra.

Alaere, komeni zaigu batasun-bidetik jokatzea; gaur batez ere, bakoitza bere bidetik, lar bakarka gabiltzan une onetan.

Azken urteotan istillu geiegi darabilgu euskal idazleok, bakoitzak bere iritziari oso selati eutsi naiean.

Onetan, naiz-ta mingaiñez askatasuna eskatu, egitez geu gera guztiz jauntxu, ingurukoa ondo loturik euki nai degunak.

Onako naste ta goraberak ez dira gaurkoak, aspaldikoak baizik.

Oiartzun'go seme argi Migel Antonio Iñarra onela mintzatzen zan 1897'garrenean ere: Gaur gaur bezela, dena kirats gaizto batek joa dago, ta egoarekin pikua bezela, punpa punpa lurrera dator.

Sinizkizunak, erriketa, iritziak....

Alkartiak, agintedunak, mendekoak... pentsa bideak... zer ez?.

Denak, denak amilka datoz....

Atzo batzuentzat arria zana, gaur besteentzat zuria da, ta bigar berriz denentzat beltza izain da, gero gorria, gero oria gero... ezer ez: oiñik eztaukatelako.

Ez, ez dezagun uste txori-kantuz ari danik oiartzundar apaiz gaztea, euskal idazkera batasunaz baizik.

Beraz, ezta gaurkoa istillu au, kezka au.